Txantxarreka Gaztetxea

Antiguotarron etxea

Zineforuma

Norbanakoek antolatuta gaztetxean zineforumak edo zine zikloak izan dira, euren artean oso ezberdinak. Hemen behean orain arte antolatu direnen laburpen bat dago, baina etorkizunera begira atera daitezkeen asmoak. Dagoenaz gain zerbait gehiago antolatu nahi duzula? Idatzi txantxarrekagaztetxea@gmail.com helbidera eta kontaiguzu zure proposamena.

 

Otsaila-Martxoa (2015)

1Zinema faltan bota duzue hotz honekin? Txantxarrekako zineforum arratsaldeak itzultzeko gogoz zeuden? Gu ere! Horregatik otsaileko azken bi igandeetan eta martxoko lehen bietan zineforum berria antolatuko dugu Fracking Ez Donostiarekin elkarlanean. Donostian Fracking-aren inguruko pare bat ekintza egongo direla aprobetxatuz, datozen igandeetan arratsaldeko 19etatik aurrera honako film hauek ikusteko aukera izango duzu: Gasland, Fractura: La maldición de los recursos, Neuquén: Río Impetuoso eta Tierra Prometida.
Beraz, hor daukazue zita otsailaren 15, 22 eta martxoaren 1 eta 8an. Doklumental eta filmak ikusteaz gain, jarraian debatea egongo delako gainera. Aprobetxatu eta ezagutu zer den fracking-a, zergatik sortu duen halako iskanbila eta planteatu zure galderak Fracking Ez Donostia mugimenduari.

Eta, adi, izan ere zineforumaz gain Fracking ez Donostiak Krisi energetikoa eta petrolioaren gailurraren inguruko hitzaldia antolatu baitu Kortxoenean.

 

Uztaila

Uda izan arren, Txantxarrekan zinemaren aldeko apostua mantendu zen. Asteazken arratsalde-gau partean bilera zabalean aukeratutako hiru film proiektatu ziren: uztailaren 2an La Haine (El Odio) pelikula frantsesa, uztailaren 16an Diarios de motocicleta eta uztailaren 23an Iciar Bollainen También la lluvia. Eguraldi ona bestelako modu batean ederki asko aprobetxatzeko plan aparta.

 

Otsaila-Martxoa (2014)

IMG_1017

‘Lars Cron Bierg’ deitu zioten ziklo honi antolatzaileak. Ez larritu, hitz joko bat besterik ez da. Bi zuzendari omentzeko asmoz (Lars von Trier danimarkarra eta David Cronenberg kanadiarra) antolatzaileak biek zuzendutako hainbat film proiektatu ziren otsaila eta martxoko asteazken arratsaldetan: Videodrome, Los idiotas, El almuerzo desnudo, El jefe de todo esto, Scanners, eta Anticristo hain zuzen ere. Film hauek ondo ulertzeko (argumentuen zegatia, kamera erabiltzeko modua, zergatik entzuten den horrela soinua, eszenen arteko saltoa, eta pelikula bat egiterako orduan beharrezkoa den guztia) Dogma 95 mugimendua buruan izan behar da. Eta hala ere ez da erraza. Baina ikustea gomendatzen dizuegu. Mugimendu benetan iraultzailea izan zen. Gehiago jakiteko klikatu hemen.

 

 

Abendua

Abenduan, “Komedia gore ¿kutre? ‘otxenteroaren'” antolatzaileek erabat aldatu dute dinamika. Edo ez hainbeste, odolak paper bat izango baitu ere. Oraingoan zikloan jorratuko den gaia ‘Zine belikoa’ izango da. Hollywoodek XX. mendeko gerra ezberdinak islatu dituen modua ikusi ahal izango da, baina ez pentsa propaganda denik. Batzuetan kritika gogorra dago azpian, beraz ikasteko aukera ederra da. Aukeratutako pelikulak (tartean maisulan handiak) hauek dira: Platoon, Apocalypse Now, Banderas de nuestros padres eta Cartas desde Iwo Jima dira.

Zineforum azaroa

Azaroa

Azaroan, berriz, antolatzaileek deitu duten “Komedia gore ¿kutre? ‘otxenteroa‘” zikloa eskainiko zen. Beldurrezko pelikula sailaren barnean kokatu ohi da zine gorea, eta orokorrean biolentzi grafiko dezente egon ohi da. Efektu espezialak eta odol artifizialaren gehiegizko erabileraren bitartez giza gorputzaren ahulezia islatu nahi da. Hortik hainbeste mutilazio egotea filmetan. Beste batzuetan, ordea, hain gorea da pelikula elementu komiko ere bihurtzen dela. Eta, Txantxarrekak dakarren zikloan hau da elementu nagusia: umorea. “Par batzuk botatzeko oso egokiak”, antolatzaileen esanetan. Aukerak Braindead, The Evil Dead, The Toxic Avenger II eta Frankenhooker dira. Esteka bakoitzean filmaren informazio, trailer, kuriositate, etab. dituzu.

Urria

1278329_592580994133971_1680609927_n
Urriko igandeetan Zine Kinkia antolatu zen. Hala deitzen zaio 70 eta batez ere 80ko hamarkadan ezagun egin zen genero zinematografikori. Horrelako pelikuletan ohikoa da delitugile baten bizipenak kontatzea, orokorrean gazteak eta egindako delituengatik (gehienak drogarekin zerikusia zutenak) nolabaiteko izen bat irabazi dutenak. Kasu batzuetan, delitugile berak interpretatzen zuen pelikulako paper nagusia. Hori dela-eta, film nahiko biografikoak izaten ziren. Pertsonai gutxikoak, trama oso zentratukoak. Film ugari daude, baina Txantxarrekan egindako aukera hau da: El Pico, El Pico II, Yo, el Vaquilla eta Navajeros.

 

Etorkizunean beste gai bat jorratzen duen zikloa antolatu nahi duzu? Edo nahiago duzu autore baten inguruko zikloa egin? Idatzi txantxarrekagaztetxea@gmail.com helbidera eta kontaiguzu zure proposamena

Txantxarreka Gaztetxea Creative Commons lizentzia