Txantxarreka Gaztetxea

Antiguotarron etxea

Txantxarreka bizirik!

Azken aste hauetan izandako gertakariak jakinarazi, salatu eta balorazio bat egin asmoz deitu dugu gaurko prentsaurreko hau.

2017 urteari hasiera eman orduko hainbat gertaera eman dira Txantxarreka gaztetxearen inguruan. Europar Kultur Kapitalak urtebetez ahoz aho ibili duen “Elkarbizitzarako Kultura” dagoeneko ahaztu dute eta benetako aurpegia erakutsi du Udal Gobernuak. Gune autogestionatuen aurkako jarrera garbia erakusten ari da Udal Gobernua azken urteetan, lehenik Kortxoenea eraitsi zuten, ondoren Itxasgainen aurkako erasoa etorri zen, Alde Zaharreko baratza ere debekatu zuten eta Moraza kaleko etxebizitza desalojatu besteak beste. Orain Txantxarreka gaztetxea dago jomugan.

2016an Kulturak Goia joko zuela adierazi genuen eta hala izan da, 200dik gora ekintza (bilera, hitzaldi, kontzertu, topaketa, jaialdi) burutu ditugu eta hamaika eragileren babesleku izan gara. Eskerrik asko denei.

Baina badirudi hau ez dela haien Kultura.

Abenduak 31ko bizilagun baten kexak izan du Txantxarreka Gaztetxean egindako ekimen guztiek baino oihartzun handiagoa. Honek Diario Vascora bidalitako albisteak amorruz bete gaitu eta argi esaten dugu bertan jasotako eduki asko gezur hutsak direla. Ziur gaude honek eragin duela Donostiako Udal Gobernuaren aurpegi ezkutua azaleratzea, gune autogestionatuen gainetik elitearen kultur eredua inposatu nahi dute.

Astebetean udaltzaingoaren bi bisita izan ditugu, argazkiak atera eta hainbat lagun identifikatu dituzte. Asteazkenean berriz, udalaren baimena zuen bakarrizketa eten zuten, bertan geundenen giroa zapuztu eta hemendik aurrerako jarrera zein izango den erakutsiz.

Udaltzainen bisitak eguneroko bihurtuko dira, hala jakinarazi digute. Burutzen dugun ekintza bakoitzeko atean izango ditugu, badirudi hori dela hainbestetan aldarrikatzen duten elkarbizitza.

Astelehenean, 48 ordu eman zizkiguten Villa Alegria eraikinaren lagapen hitzarmenaren aldaketak sinatzeko. Aldaketa hauek Txantxarrekako autogestio proiektua bideraezin bihurtzen dute. Gure proposamenei eta akordio batera iristeko saiakerei entzungor egin diete. Guzti honek agerian uzten du berriz ere Udalaren eta gure kultura ereduen arteko talka.

Hurrengo asteazkenerako aurreikusita genituen kontzertuak burutzea ere debekatu digute, Antiguako San Sebastian jaietako egitarauan baimendutako jarduera bat izan arren. Debekua bete ezean Txantxarreka gaztetxea ixteko mehatxua ere jaso dugu.

EAJ, hau al da Donostiarako proposatzen duzuen kultura eredua? Martin Ibabe, gazteria zinegotzi zaren aldetik, zer duzu gazteon parte hartze eredu autogestionatuaren aurka?

Une honetara iritsirik, Txantxarreka gaztetxean 2017 urtean bi mila eta hamasei ekintza burutuko ditugula iragartzea besterik ez zaigu gelditzen, gure autogestio filosofiari ukorik egin gabe. Horretarako argi dago guztion parte hartzea beharrezkoa izango dela.

Gure kultur eredua defendatzen jarraituko dugu.

TXANTXARREKA GAZTETXEA BIZIRIK! GUNE AUTOGESTIONATUAK BIZIRIK!

Updated: 2017/03/06 — 11:29
Txantxarreka Gaztetxea Creative Commons lizentzia